Red Electrica Española enpresa (REE) Gueñes-Itsaso autobide elektrikoa eraikitzen dabil: Bizkaiko hemezortzi herritatik eta Gipuzkoako zortzitatik igaroko da. Aurten hasi dira obrak egiten, eta jada autobidearen zati handi bat egina dute; hala ere, tokiko legeak urratzea egotzi die Arrankudiaga-Zolloko Udalak. “Guri Arrankudiaga-Zollon oso neurri txikian eragiten digu, eta Zolloko lur publiko batzuen 200 metro inguru erabili nahi ditu enpresak. Baina, hain zuzen, toki hori babes bereziko gunea da, eta hegaztiak babesten dituen foru arau batek babestuta dago”, azaldu du Txutxi Ariznabarreta alkateak. Animalien babeserako foru araudi batean oinarrituta, Zollon egiten ari ziren obrak gelditzea lortu du udal agindu baten bidez.
Proiektuak herritarren kritika eta kezka piztu zuen hasieratik. Gueñes eta Itsaso arteko lineak 400KVko tentsioa edukiko du zirkuitu bakoitzeko, eta 60 milioi euroko kostua edukiko du; 73,5 kilometro luze izango da, eta enpresak 2021erako martxan egotea nahi du. REEk 2009an aurkeztu zuen proiektua. 2011n, zehaztasunak lortzeko asmoz, informazioa zabaldu zuten herri guztietan, eta alegazioak aurkezteko epea hasi zen. Hurrengo urtean, herritarrek aurkeztu zuten ingurumen eraginari buruzko txostena, hainbat adituren parte hartzearekin, eta proiektua gelditu egin zen 2017ra arte.
Duela hiru urte, Espainiako Gobernuak “onura publikoko” proiektu izendatu zuen, eta lanekin hasteko baimenak eman zizkion enpresari. Hainbat udalerrik, ordea, ez zituzten exekuzio aginduak sinatu; tartean Arrankudiaga-Zollokoak. “Deitu ninduten Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara joateko, akta hori sinatzeko. Enpresak presioa sartu nahi zuen. Ezetz esan nuen. Eta, hala ere, aurrera jarraitu dute”, gogoratu du Ariznabarretak.
Proiektuaren aurkakoek uste zuten ezin zezaketela gehiagorik egin obrak geldiarazteko, baina aurtengo urtarrilaren 14an Bizkaiko Foru Aldundiak 422/2020 foru agindua onartu zuen. Foru arau horrek zehazten du zer eremu dagoen babestuta babes bereziko espezieak direla eta, eta inguru horietan zer ezin daitekeen egin. Besteak beste, goi tentsioko linea da leku horietan eraiki ezin daitekeen azpiegituretako bat. Foru aginduaz baliatu da Arrankudiaga-Zolloko Udala lanak eteteko agindua enpresari helarazteko. Izan ere, alkatearen esanetan, “guztiz kontrajarriak” dira enpresaren proiektua eta foru agindua. “Badakigu beste gune batzuetan obrak aurrera doazela, eta gure eremuan gelditzeak ez diela asko eragiten; gainera, obrak ia amaituak zituzten. Baina momentuz geldirik daude”, nabarmendu du. Haren ustez, era batera edo bestera foru agindua moldatuko dute, autobide elektrikoaren proiektua amaitu ahal izateko.
Igorre eta Gatikako udalak ere antzeko prozesuan daude, obrak geldiarazteko asmoz, baina, lur eremu asko pribatuak direnez, zailtasunak eduki ahal dituztela azaldu du Ariznabarretak. “Bere garaian hainbat udalerri batu ginen honen aurka”.
Gueñesetik Zollora ia ibilbide osoa egina dago, eta Ugaoko mendian ikus daitezke hainbat dorre. Aramotz eta Urkiolako babes gune naturaletatik igarotzea aurreikusi zuen enpresak, baina bertan bizi da sai zuria, legeak aspaldi babestutako hegaztia. Inguru hartakoa da Igor Bernaola, Gueñes-Itsaso autobide elektrikoaren kontrako koordinakundeko kidea. “Urteak daramatzagu hau salatzen, eta Red Electricak modu ilegalean segitzen du bere jarduerarekin”. Salaketa ere jarri dio auzotar batek, Igorren jada eraiki duten Artandako dorreagatik.
Bernaolak enpresari leporatzen dio biologoen txostenak asmatzea: “Nahi duten moduan erabiltzen dituzte, komeni zaien informazioa soilik kontuan hartuz. Horrela jokatu dute azken hamar urte hauetan, eta horrela lortzen dute nahi dutena”. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiak beste alde batera begiratzen dutela kexatu da, legeak betearazteko inolako baliabiderik jarri gabe. “Eusko Jaurlaritzari galdetu beharko genioke zergatik ez duten enpresa salatzen, legez kanpo jokatzen ari baita”.
Bat barik, bi autobide
Gueñes-Itsaso ez da Bizkaitik pasaraziko duten autobide elektriko bakarra; Frantziatik Gatikara doan beste bat ere egin nahi dute: Gatika-Cubnezais itsaspeko interkonexioa. Isusko Alboniga gatikarrak herrian sortu duten elektrikoen kontrako plataforman hartzen du parte, eta Gueñes-Itsasokoak eta Frantziatik Gatikara doan autobide elektrikoak harremana dutela azaldu du. “Hasteko, ez ditugu halako sareak behar; haien helburua ez da eskualdeko beharrak betetzea, Europara energia merkeago esportatzea eta inportatzea baizik. Energia berriztagarrien ikur direla ere saldu nahi digute, baina energia berriztagarriak deszentralizazioan oinarritu behar dira, eta, gainera, nuklearrekin harreman zuzena dute autobide hauek”.
Aurreko udaberrian Gatikan zulaketak egiten hasi zirela salatu du Albonigak: “Ez diete baimenik eskatu lurren jabeei. Hainbatetan harrapatu ditugu makinak sartzen, eta salaketak jarri ditugu. Udalak ere salatu ditu”. Ingurumenean edukiko dituen kalteak ere aipatu ditu; besteak beste, hogei metroko altuera edukiko duten 132 dorreenak. “Hegaztiez gain, eta bisualki edukiko duten eraginaz gain, baserri askoren alboan jarri nahi dituzte dorreak”.
Bi azpiegitura horien aurkako plataformak Aragoi eta Kataluniako elkarteak ere batzen dituen koordinakundeko kide dira. Izan ere, REEk Pirinioetatik garraiatu nahi du energia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario