Gueñesko azpiestaziotik aterako da linea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2019ko ekainak 20
Dorreak lur hartzear
Gueñes eta Itsaso artean bi hariko goi tentsioko linea bat egiteko, lurrak desjabetzen hasi dira. Enpresak uda aurretik amaitu nahi du prozesua, eta 2009an aurkeztutako proiektua eraikitzen hasi.
Jon Rejado, Berria 2019ko ekainak 20
Desjabetzeak hasi ditu REE Red Electrica de España enpresak. Uztailera bitarte, bere gain hartuko ditu dozenaka herritarren eta udalen lurrak eta bideak Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea egiteko: batzuk, betiko; beste batzuk, obrak amaitu arte. Bizkaian hasi dira, eta Araban eta Gipuzkoan jarraituko dute uztailean. Desjabetze horiekin, REEk pauso garrantzitsua emango du 2009an aurkeztutako proiektua gauzatzeko, proiektuak hamaika kritika piztu baditu ere hasieratik.
Argia da REE: «Proiektuak baimen guztiak ditu, eta pistak eta bideak garbitzeko hasierako lanak apirilean hasi ziren». Lanik handiena, ordea, lurren desjabetzeak sinatu eta gero hasiko dute: 70 metro garai diren 132 dorre eraikiko dituzte, eta goi tentsioko bi hariek hartuko duten korridorea garbitu. Espero dute abuztua baino lehen sinatzea lurren desjabetze guztiak. REEk uste du lanek bi urte iraungo dutela; epeak betez gero, linea prest egongo litzateke 2021aren bigarren erdirako.
Egitasmoak hamaika kritika piztu ditu hasieratik bertatik. Lurrak desjabetzeko prozesua apirilaren 25ean iragarri zuten, eta kritika piztu du hori egiteko moduak ere. Proiektuak eragingo dien udalerri batzuetako ordezkariek azaldu dute desjabetutako lurrei baino gehiagori egingo zaiela kalte. Adibidez, Iraitz Lazkano Elgetako alkateak (Gipuzkoa) ohartarazi du udalaren bideak erabiliko dituztela proiektua egiteko. «Oso lur gutxi aurreikusi dituzte: okupatuko dituzten metro koadroen %10 baino ez». Lazkanoren ustez, benetan izango den kaltea baino gutxiago irudika dezake horrek, eta dirutan ere badu eragina. «Pare bat bilera izan ditugu REErekin; argi dute aurka gaudela, baina badakite egin egingo dutela linea». Lazkanok ohartarazi du enpresako arduradunak ziur daudela oraingoan aurrera aterako dutela goi tentsioko linearen plana. «Horren aurrean, ahalik eta kalte txikiena eragin dezatela dagokigu guri».
«Ingurumen krimena»
Izan ere, proiektuak aldaketa handiak izan ditu. REEk «estrategikotzat» jo zuen hasieran, baina hainbat urtetan desagertuta egon da linearen egitasmoa. 2009an aurkeztu zuen, 2011n informazioa eta alegazioak jasotzeko prozesua abiarazi zuen, eta 2012an onartu zuten ingurumen eraginari buruzko txostena. Geldialdia hasi zen orduan: 2017 ingurura arte ez zuten informaziorik eman proiektuari buruz. Urte hartan hasi zen martxan berriz REE, eta lanean hasteko baimen guztiak lortu zituen: exekuzio proiektua aurkeztu zuen, Espainiako Gobernuak «onura publikoko» proiektu izendatu zuen, eta obrak hasteko baimena eman zioten. Prozesu horretan tokiko arauak kontuan hartu ez izana egotzi diote enpresari; salatu dute ingurumena babesteko legeak urratu dituela. Igor Bernaola Gueñes-Itsaso goi tentsio linearen kontrako plataformako kideak ohartarazi du proiektua «ingurumen krimena» dela.
Lineak zeharkatuko dituen basoetan zer kalte egingo dituzten ekarri du gogora Bernaolak. Adibidez, ohartarazi du Igorre eta Lemoa artean sai zuria bizi dela; desagertzeko arriskuan dago, eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planean sartuta dago. «Hegaztiek habiak egiteko baliatzen duten eremutik pasatuko da linea». Plataformaren iritziz, Bizkaiko Aldundiaren ardura da legeak betearaztea, baina ez da lan hori egiten ari. «Ahoz esan digute ez diotela baimenik eman proiektuari; ez dugu ikusten Espainiako Gobernuak atzera egingo duenik, eta aldundiak ez du bere indarra baliatzen».
(...)
Informazio gehiago:
No hay comentarios:
Publicar un comentario